XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bai, halaxe pentsatu nuen, ondo gogoratzen dut.

Bapatean hotzikara batek nire gorputza goitik behera kurritu zuen.

Itsasoaren mugimendua begiratuz begiak hersten zitzaizkidan pixkanaka-pixkanaka, sehaskan dagoen haurra kuluzkatuko balu bezala mugitzen bait zen.

Gaueko azken momentu haiek gogoratzeko nire inguruari azken begirada bota nion.

Itsasadarraren bestekaldeko argiak ikusi nituen, izar ttipiak bailitzan.

Pixka bat ezkerrerago, Ogoño-ko haitza, Izaro-ren betiko maitalea.

Ingurugiroa negar zotinka ari zela zirudien.

Honek are gehiago tristetzen ninduen, eta negar hura isiltzeko gogo izugarriek oihu egitera behartu ninduten, ni neu konturatu ere egin gabe.

Orduan, nor kontsolatzen nenbilen ez nekielarik, zera esan nuen neure baitan:

Oi, Izaro, Izaro, horrenbeste iskanbilaren eragile, ez negarrik egin; egunen batean zure Ogoño haitz maitearekin elkartuko bait zara.

Oraindikan ez dakit neure buruarekin edo irla berarekin hizketan ari ote nintzen, baina ni behintzat lasaituz nindoan.

Oh, Ilargi, Ilargi, horrenbeste maitasun sutsuren testigo, ez negarrik egin Ilargi, ez ezazu negarrik egin; iritsiko bait da zure eguzki laztanarekin elkartuko zaren eguna.

Agian neure irudimena izango zen, baina une hartan ilargiaren dizdira nabariagoa egin zela iruditu zitzaidan, ilunabar hartan argi izpi bat oso garbi bereizi bait zitekeen.

Ilargia itsasoaren ur bareetan erreflejatzen zen.

Oi, Itsaso, Itsaso, horrenbeste bizitzaren borrero, horrenbeste saminen pizgarri eta une pozgarriren zaindari, ez nigarrik egin; hurbil bait dago hainbat maite duzun lurrarekin elkartuko zaren eguna.

Ez nigarrik egin, ene maite, Izaro, Ilargi, Itsaso,... beti egonen bait da, ene maite, zuk duzun edertasun hori mirestuz, zure uretan barna murgilduko den baforaren bat: Neu.